11 oct 2007

Capsula + Last Army + Eureka Hot 3, Urriak 12 Barikua


The Last Army ingelesak, Capsula argentinar bilbotarrak eta Eureka Hot 3 bermeotarrak izango dira ostiralean Bermeoko Jose Done ikastetxeko kaperan dagoen Nuntxaku zentro sozialeko agertokian, 22,00etatik aurrera kontzertua eskaintzeko. Sarrerak 3 euroko prezioa izango du, antolatzaileek Europa Press-i jakinarazi diotenez. Europa Press Bilbao "Trobalari aurreapokaliptibo" bezala definitu dute euren burua The Last Army taldeko musikari londrestarrek. Halaxe da, gainera, zuzenean ikusi dituztenek esaten baitute "oso gogor" jo dezaketela, gitarra "porrokatuak" erritmo "leherkorren" gainetik jarriz, baina baita "bare eta goxo" ere, teklatuak eta kanpai hotsak harien egitura leunekin elkartuz.

Ciccone eta Art Brut taldeekin batera sorturiko kolektibo baten parte da The Last Army, eta oihartzun handia sortu du Erresuma Batuan izandako zenbait jaialditan.

Rebekah eta Mickey abeslari eta gitarristak dira taldearen buru. Aurretik ere izan ziren Bermeon, baina orduan Ciccone izenarekin, "Everholt St." izenburuko diskoa aurkeztuz. Orduan harrera eta tratu bikaina jaso zutela aitzakitzat hartuta, berriro bueltatu nahi izan dute herri bizkaitarrera, baina oraingoan The Last Army bezala, Ciccone ekainaren 13an Londresko Astorian emandako kontzertuan bukatu baitzen.

Bermeora heldu aurretik bira bat egiten ari dira Ingalaterran, eta Euskal Herrian eskainiko duten kontzertu bakarrean aurki kaleratuko duten disko berriko kantuak aurkeztuko dituzte.

Bestalde, Bilbon bizi diren Coni eta Martin musikari argentinarrek eta Oscar bateria-jole bilbotarrak osaturiko Capsula hirukoteak ere bere zuzeneko indartsua eskainiko du Bermeon. Capsulak iaz kaleratu zuen bere lehenengo disko luzea: "Song & Circuits". Ordutik hona, ehunka kontzertu eskaini ditu Europan eta Amerikan zehar.

The Rolling Stones, T-Rex, Stooges, Television edo Johnny Thunders bezalako eraginak dituzte, besteak beste. "Elektrikoak, iradokitzaileak eta harrigarriak" dira, eta punk klasikoaren soinuak pop goxoenarekin eta psikodeliarekin uztartzea lortzen dute.

Azkenik, Bilbo eta Bermeoko musikariek osaturiko Eureka Hot 3 taldeak osatuko du ostiraleko kontzertuko eskaintza. Orain laukote bihurtuta, taldearen izen bereko lehenengo diskoa aurkeztuko dute Bermeon. Soul, funk, free jazz, rock and roll eta rhythm and blues soinuak batzen dituzte, punk jarrerarekin.

El desvän del macho + Munlet 07-10-06

Chest + Thee Qüibbles 07-10-05